partekatu
• REXCATERING
Elikagai-banagailua instalatu da REXCATERING programaren barruan
Makina 24 orduz egongo da erabilgarri eta doan, Udaletxe zaharreko arkupetan.

REXCATERING ekimena, elikagaien xahuketa murriztea eta kontsumo arduratsua sustatzea helburu duena, gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Bertan izan dira Agustín Valdivia alkatea, Nuria Fernández, Gizarte Ekonomia, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Garapenerako Lankidetza eta Osasun zinegotzia, Fundación Residuo cero-ko ordezkariak, IES Oriarteko zuzendaria eta IES Oriarteko Guraso Elkarteko (Oriartekide Guraso Elkartea) ordezkariak.
Makina honek egoera ezin hobean dauden elikagaiak banatzeko aukera emango du; bestela, alferrik galduko lirateke. Honela, soberakinen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuko da. Makina Udaletxe zaharreko arkupetan kokatzea erabaki da, herritarrek puntu eroso eta irisgarri batean produktuak eskuratu ahal izan ditzaten.
Prozesu seguru eta kontrolatua
REXCATERING programak elikagaien berreskuratze eta banaketa prozesu osoa segurtasun eta higiene-kontrol zorrotzen pean egiten dela bermatzen du. Eskola-jantokietako soberakinak, hala nola IES Oriartekoak, prozedura zorrotz baten bidez prozesatzen dira, ondorengo urratsak barne hartuz:
- Tenperatura-kontrola eta elikagaien segurtasuna: Sukaldetik atera ez diren eta tenperatura egokietan mantendu diren elikagaiak soilik berrerabiltzen dira (+65ºC bero-lerroan edo -4ºC hotz-lerroan).
- Termozigilatutako ontziratzea: Elikagaiak konpostagarriak diren ontzietan sartzen dira eta hermetikoki itxita geratzen dira, kontserbazio egokia bermatzeko eta kutsadura saihesteko.
- Abatitzaile bidezko hozte azkarra: Elikagaien segurtasuna mantentzeko, 90 minututan 4ºC-ra hozten dira.
- Etiketatzea informazio xehearekin: Ontziek elikagaien tipologia, kontsumo-datak, trazabilitatea eta erabilera-argibideak hainbat hizkuntzatan jasotzen dituzte.
Behin prestatuta, elikagaiak hozkailu eramangarrietan gordetzen dira, hotz-katea mantenduz, Udaletxe zaharreko arkupetan kokatutako makinara garraiatu arte.
Zerbitzu irisgarria eta monitorizatua
Elikagai-banagailuak 200 errazio inguru gordetzeko edukiera du eta egunean behin edo bi egunez behin betetzen da, soberakinen eskuragarritasunaren arabera. Makina banatzaileak telemetria-software aurreratua du, eta horri esker, berreskuratutako errazioen kopurua, elikagaien tipologia, bilketa-eguna eta ordua, erabiltzaileen lehentasunak eta kontsumo-ohiturak erregistratzen dira.
Gainera, proiektuak ez du soilik elikagaiak banatzeko zerbitzua eskaintzen, hezkuntza-komunitatea ere inplikatzen du prozesu osoan. IES Oriarteko ikasleek parte hartzen dute elikagaien etiketatzean eta garraioan, kontzientzia eta erantzukizun soziala sustatuz elikagaien xahuketaren aurkako borrokan. Horrez gain, sukaldeko eta jantokiko langileei, irakasleei eta ikasleei prestakuntza espezifikoa eman zaie, prozesuaren fase bakoitza osasun-berme guztiekin gauzatzen dela ziurtatzeko.
Hezkuntzarekin eta jasangarritasunarekin konpromisoa
Aurkezpenean, Agustín Valdivia alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu zuen: "Elikagai-banagailu hau instalatuta, ez gara soilik xahuketaren aurka borrokatzen, baizik eta produktu hauek behar dituzten pertsonengana iristea errazten dugu, gizarte solidario eta jasangarriago bat sustatuz".
Bestalde, Nuria Fernández zinegotziak programak ekarriko duen eragin positiboa azpimarratu zuen:
"Ekimen honek ez du soilik xahuketaren aurkako irtenbide praktiko bat eskaintzen, baita herritarrak, eta bereziki gure gazteak, kontsumo arduratsuaren garrantziaz hezi eta kontzientziatzen ditu. Hezkuntza-zentroen eta familien inplikazioa funtsezkoa da gure gizartea benetan aldatzeko".
Oriartekide Guraso Elkarteko ordezkariek proiektuaren balio pedagogikoa nabarmendu zuten, ikasgeletan jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra integratzeak duen garrantzia azpimarratuz.
Ekimen hau martxan jartzearekin batera, Lasarte-Oriak elikagaien xahuketa murrizteko, ingurumen-hezkuntza sustatzeko eta ongizate soziala bultzatzeko konpromisoa berresten du, ekonomia zirkularra eta elkartasuna sustatzen duten eredu berritzaileen aldeko apustua eginez.
Informazio gehiago: Fundación Residuo Cero
- Álvaro Saiz Ruiz – 635 750 581
- Ainhoa Crespo Gadea – 674 041 438
- fundacionresiduocero@gmail.com
- REXCATERING, elikagaien soberakinak berreskuratzeko programa: www.rexcatering.com - www.fundacionresiduocero.org
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala