partekatu
• TRUKELANDIA
Gurasolandiako egitasmoko gurasoei beste familia batzuekin ezagutzak partekatzeko gonbita luzatuko zaie
Urteak dira Gurasoleku proiektua martxan dela. Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun Kultur Elkarteak, Muntteri-AEK euskaltegiak, Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeek eta Andrejoakina haurreskolak bultzatutako egitasmoa da. Egitasmoaren helburu nagusia da herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, eta horretarako, familietan euskararen transmisioa bultzatzen dute.
Hiru programek, Gurasotegik, Gurasolagunek eta Gurasolandiak, osatzen zuten Gurasoleku iaz arte. 2021ean, Trukelandia egitasmo berriarekin saiakera egin zen eta, izandako arrakasta ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki da.
Trukean oinarritutako jarduera
Izenak berak adierazten duenez, Trukelandiaren ardatza trukea da. Hilabetean behin, modu autonomoan hiru familia elkartu, eta bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin. Era askotako errezetak parteka ditzakete elkarrekin: errezetak, esperimentuak, abesti jolasak, ipuinak, eta abar. Parte hartzeko izena eman beharko da.
Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariak, Mari Karmel Ormazabalek, eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak, Jon Antxordokik, Gurasolandiako partaide guztiak Trukelandiaren aurkezpen saiora gonbidatu dituzte eta parte hartzera animatu.
Trukelandiaren aurkezpen-ekitaldia martxoaren 1ean aurkeztuko dute, asteartez, kultur etxeko auditorioan, 18:30ean. Ekitaldian talde bakoitzak koreografia eta abesti bana taularatuko ditu; iaz Trukelandian parte hartu zutenetako batzuek haien esperientzia kontatuko dute; eta Porrotx pailazoak dinamizatuko du ekitaldia.
Aurkezpen ekitaldian bertan eskuorriak banatuko zaizkie familiei, Trukelandian parte hartzeko izena eman dezaten. Edonola ere, hori ez da izango parte hartzeko bide bakarra: posible izango dute 695 78 53 89 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidaltzea. Martxoaren 1eko saioaren ostean, bi asteko epea emango diete interesa dutenei, egitasmoarekin bat egin dezaten. Bidenabar, zehaztu dute gonbidapen guztiak agortzen ez badira, kultur etxeko leihatilan jarriko dituztela parte hartzaileen eskura, aurkezpenaren egunean bertan.