partekatu
• HAURREN UDALBATZARRA
Lehen Hezkuntzako ikasleak protagonista izan dira Udaletxean egindako ingurumen-bilkuran
Ikasleek euren proposamenak aurkeztuko dizkiote Udalari.

Lasarte-Oriako udaletxeko pleno aretoan oso bilkura berezia izan da gaur goizean. Oraingo honetan, udalerriko lehen hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak izan dira protagonistak, eta ingurumenari buruzko hausnarketak eta proposamenak azaldu dizkiete tokiko agintariei, ikasturte osoan egindako lanaren emaitza gisa.
Eskolako parte-hartze programaren baitan kokatzen den ekimenari esker, haurrek hiru esparru nagusitan partekatu dituzte beren kezkak eta proposamenak: hondakinen kudeaketa, efizientzia energetikoa eta hirian eta inguruetan landaredia berreskuratzea. Hainbat proposamen zehatz helarazi dizkiote ikasleek Udalari osoko bilkuran, besteak beste, edukiontzien funtzionamendua hobetzea, berdeguneak zabaltzea edota kale eta parkeetan argiztapen eraginkorragoa jartzea.
Ikasleek ez ezik, Agustin Valdivia alkateak, Nagore Duran Herritarren Partaidetzako zinegotziak, David Mateos Zerbitzu Publikoetako zinegotziak eta Maite Iglesias Hezkuntza eta Gazteriako zinegotziak ere parte hartu dute osoko bilkuran, eta planteatutako galderei erantzun diete eta hainbat udal jarduni buruzko informazioa eskaini dute.
Gai nabarmenen artean, hainbat problematika jorratu dituzte, arratoien ugaritzearena kasu. Gertaera hori, nagusiki, edukiontzietatik kanpo hondakinak pilatzearekin eta kaleko animaliak (katuak eta usoak, esaterako) modu desegokian elikatzearekin lotzen da. Egiten ari diren ekintzak azaldu dituzte, hala nola pozoi espezifikoak erabiltzea, gune kritikoetan esku hartzea (Jaizkibel eta San Martzial kasu), eta egoera hori prebenitzeko herritarrak kontzientziatzeko beharra.
Berdeguneei dagokienez, etxebizitzen eraikuntzaren eta berdeguneen arteko oreka mantentzearen garrantzia azpimarratu dute. Era berean, Atsobakarren ur parke berria irekitzear dagoela aipatu dute, datozen hilabeteetarako aurreikusita dagoena.
Energiaren arloari dagokionez, tokiko komunitate energetikoaren garapena positiboki baloratu da, baita eguzki plaken erabilera sustatzea ere. Horrez gain, jakinarazi da udal-flotak ibilgailu elektrikoak erabiltzen hasiko direla pixkanaka, eta autobus % 100 elektriko bat jarriko dela laster.
Azkenik, argiteria publikoarekin lotutako gaiak jorratu dira, ekintza bandalikoen ondorioz izandako hainbat itzalaldiren berri emanez, eta argi-intentsitatea doitu eta kutsadura saihesteko sentsoreak eta erregulagailuak instalatzeko planak iragarri dira.
"Zorionak eman nahi dizkizuegu egindako lan zorrotzagatik eta gaur ekarri dituzuen proposamen errealistengatik eta beharrezkoengatik. Zuek entzuteak Lasarte-Oria hobetzen eta udalerri jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzen digu", adierazi du Agustin Valdivia alkateak topaketaren amaieran.
Ingurumen-bilkura honek amaiera ematen dio gazteen artean kontzientzia ekologikoa sustatzea eta bizi diren inguruneari eragiten dioten erabakietan parte hartzea helburu duen hezkuntza-prozesuari.
Dokumentuak deskargatu
Proposamenak [pdf]
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala