partekatu
• SAN PEDRO JAIAK
San Pedro Jaietako kartel lehiaketarako proposamenak aurkezteko epea martxoaren 7an irekiko da
Lanak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 5ean amaituko da, eta aurten irabazleak 600 euroko saria jasoko du.

Joan den asteartean, Lasarte-Oriako alkatea, Agustín Valdivia, eta Jaietako zinegotzia, Jesús Alonso, prentsaurrekoa eskaini zuten Udaletxean, 2025eko San Pedro Jaietako kartel lehiaketarako proposamenak aurkezteko epea iragartzeko.
Urtero interesa pizten duen lehiaketa honek herriko jai nagusien irudia hautatzea du helburu. Udal ordezkariek azaldu dutenez, ekimen hau herritarrek jaietako irudiaren parte aktibo izateko aukera aparta da.
Lehiaketaren oinarriak
Lehiaketa pertsona guztiei irekita dago, adin-mugarik eta bizileku-baldintzarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste proposamen aurkez ditzake, betiere originalak badira eta beste lehiaketetan sarituak izan ez badira.
Kartel guztiek “San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2025” leloa modu ikusgarrian jaso beharko dute, eta irudiak genero-berdintasuna errespetatu beharko du. “Gure jaietako irudiak aniztasuna eta berdintasuna islatu behar ditu, estereotipoak saihestuz eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatu bat bermatuz”, nabarmendu du Jaietako zinegotziak, Jesús Alonsok.
Proposamenak formatu digitalean edo fisikoan aurkeztu ahal izango dira:
- Formatu digitala: JPG formatuan aurkeztu beharko dira lanak, 50x70 cm-ko neurriarekin eta 300 pixel hazbeteko bereizmenarekin. Posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu, eta egilearen datu pertsonalak eta harremanetarako informazioa jasotzen duen testu-dokumentua erantsi beharko da.
- Formatu fisikoa: Inprimatutako kartelak (50x70 cm) Gaztelekuko Gazte Informazio Bulegoan entregatu beharko dira, astearteetik larunbatera, 12:00etatik 21:00etara. Kartelaren izenburua atzealdean jarri beharko da, eta egilearen datu pertsonalak jasotzen dituen gutun-azal itxi bat erantsi beharko da.
Lanak aurkezteko epea martxoaren 7an irekiko da eta 2025eko apirilaren 5ean amaituko da, eguerdiko 12:00etan.
Erakusketa eta bozketak
Aurreko edizioetan bezala, aurkeztutako kartel guztiak udal webgunean erakutsiko dira, herritarrek iritzia eman ahal izan dezaten. “Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek kartelaren aukeraketan parte hartzea. Gure herria ordezkatuko duen irudia guztion gustukoa izatea nahi dugu”, adierazi du alkateak, Agustín Valdiviak.
Hala ere, azken erabakia Udaleko Gazteria, Jaiak eta Kirola Batzordeak izendatutako epaimahai baten esku egongo da. Proposamenak baloratzerakoan, sormena, kalitate artistikoa eta jai-gaiari egokitzapena hartuko dira kontuan. Kartel irabazleak 600 euroko sari jasoko du.
Udalak pertsona sortzaile guztiei ekimen honetan parte hartzeko gonbita luzatu die. “San Pedro Jaiak gure herriaren identitatearen islada dira, eta kartela identitate horren parte garrantzitsua da”, azaldu du Jaietako zinegotziak.
Bestalde, alkateak herritarren parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du: “Urtero harritzen gaitu gure herrian eta inguruan dagoen talentuak. Diseinuaren profesionalak zein zaleak animatu nahi ditugu proposamen bat aurkeztera. Jaietako historian arrastoa uzteko aukera paregabea da”.
Lehiaketaren oinarri osoak Lasarte-Oriako Udalaren webgunean daude eskuragarri.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala